Ikur indartsua da Ford Falkon berdea Argentinako oroimen kolektiboan. Azken diktaduran, ibilgailu hori erabiltzen zuten estatuaren morroiek jendea bahitu eta tortura eta heriotza guneetara eramateko. Matrikularik gabe ibiltzen omen ziren, mantso mantso, beldurra pizteko, inpunitatea aldarrikatzeko.
Milei eta Massa aurrez aurre egon diren azken hauteskunde lehian ageri da, berriro ere, Falkon berdea. Txantxa moduan aipatu dute, gainera, trauma kolektiboaz irri egin eta diktadura zuritzeko. Izan ere, errepresioaren kopuruak eta ezaugarritze autoritarioa ezbaian jarri dituzte Mileiren aldekoek, iraganaren irakurketa komunak hautsi eta oinarri demokratikoak kolokan jartzeko.
Nago Madrilgo Ferraz kaletik ere pasa direla Falkon berde horiek. Edo, bederen, hor bildutako askok kalean ikusi nahi dituztela heriotzaren ibilgailuak. Gaztelu Plazan ere atzeman da suntsipen desira hori, aspaldikoa baita eskubideak, demokrazia eta justizia sozialaren kontrako gorrotoa gurean ere. Hobe dugu geldiaraztea, berantegi baino lehen.