Tradizioak, baita zaharrenak zein nondik datozen ez dakigunak ere, norbaitek asmatuak dira, hau da, noizbait hasiak dira. Ez dira betikoak, sortuak baizik. Eta sortuak diren heinean, pertsonek eginak dira eta pertsonen multzoak deitzen ditugun jendarteak ez ezik pertsonak ere aldatzen direnez, erabat normala da tradizioak aldatzea.
Arrazoin aunitz direla eta aldatzen dira pertsonak eta jendarteak. Batez ere, jendarte borroken ondorioz, menperatu edota baztertuen presioari esker. Gauzarik ohikoena da tradizioak sortzea, baita eraldatzea ere, beraz. Bilakaera gatazkatsuak izaten dira, bai, baina jendarteen ibilbidea gatazkatsua da.
Emakumeak dantzan aritu dira Otsagin, tradizioa eraldatuta, zorionez. Ea noiz gainditzen dugun euskara baztertzeko tradizioa, hori ere, besteak bezala, asmakizun hutsa baita, eta, gainera, nahiko berria.