Iruñeko Kartzelan, norbaitek utzitako artikulu akademiko interesgarri bat irakurri nuen, arduraren gainekoa. Tamalez, hamaika aldiz bilatu arren, ez dut inoiz berreskuratzea lortu. Ez dut pista handirik, egia esan, eta beharbada, denboraz, idazkia berreraiki dut nire baitan. Hau da, gerta daiteke testua aurkitzea eta bertan nik oroitzen dudana ez agertzea. Oroimenak halakoak egiten ditu, bederen, neri halakoak egiten dizkit.
Testu hori gogoratzen dut arduraren kate bitxiak ikusten ditudan bakoitzean. Izan ere, gauza bereziak gertatzen dira arduraren inguruan. Esaterako, garai batean, hauteskundeetan behin izanik ere Herri Batasuna bozkatzen zuena ETAren atentatu guzien arduradun zuzena omen zen. Krisia ekonomikoan atzean, berriz, ardurarik ez: gauzak gertatzen dira, besterik gabe, edo denok gara arduradun, gure aukeren gainetik bizi izan garelako. Irakeko inbatsioa babestu izanaren atzean, halaber, ez dago arduradunik. Kontu bitxia, ardurarena, bai.
Berriro gertatu da Moxal Legeaz, aizue! Bertan behera uzteko promesa egin zutenek ardurari ihes egin diote, baina aldatzeko hitzari fidelak, horiek dira legearen jarraipenaren arduradunak. Operazio ederra, mantendu nahi zuten legea mantentzea lortu dutelako, ardura beste batzuen gainean jarriz. Bai, kontu bitxiak gertatzen dira arduraren inguruan, testu hura non kontxo egon daitekeen ez badakit ere.