Ez dut uste Enrique Mayari Uruguain sortua dela leporatzea ideia ona denik. Diskurtso xenofoboen aurrean “zu gehiago” ika mika ez da oso komenigarria izaten. Azkenean, zergatik ez izan Iruñeak paisitoan jaiotako alkaterik? Ez al da gurea herri migrantea izan dela oroitzeko bide eder bat? Mayaren kontrako gauza asko esaten ahal dira, baina Uruguaitik etorri izana ez da horietako bat!
Hau esanik, Mayaren mezua guziz errefusatu behar da, su arriskutsua pizten ari delako kalkulu elektoralen arabera. Miguel Sanzen gaztatxoaren aukera urruntzen denean, eskuin handiaren ametsari eusten diote UPNkoek, eta nabarmenki, VOXen estiloa kopiatu nahi dute. Duela mende bat, joku bera hasi zen Nafarroan, eskuinaren esparruan muturrera jotzeko lasterketa hasi zelarik. Joku haren mugarri bat izan zen 1936ko uztaila, ez dezagun inoiz ahantz!