Abenduak 3, euskara eta Nafarroaren Eguna. Aukera ona izan daiteke atzera begira eta azken urteotan zenbat gauza aldatu diren pentsatzeko. Miguel Sanzen gaztatxoa non gelditu den ez dakit, Diario de Navarrak egunoro erregimenaren logikara itzultzeko saiotxo bat egiten badu ere. Indarrez ezarritako erregimen bat gainditzea ez da erreza, eta ziurrenik bere bi zutoin historikoen arteko gatazka ez da aski izanen, finean, beste eredu bat eraikitzeko gai ez garen bitartean. Baina bada zerbait, eta aintzat hartu behar dugu, uretotako erresistentzia eta iniziatiben uzta delako.
Nafarroa eta Euskara, abenduak 3. Hortxe ditugu bi gako, erregimen zaharra bi bazterketetan oinarritzen baita, batetik nafarron borondatearen ukapena eta bestetik euskararen egiturazko diskriminazioa. Biak ala biak logika baztertzaile eta autoritario berean daude kokatuta. Eta biak ala biak gainditzea izan behar dugu zerumuga eta erronka. Gora Nafarroa eta Gora Euskara!