Lotua eta ongi lotua egon da orain arte Francisco Francok lotutakoa. Loturaren katebegi bat, -zehazki, diktadoreak ondorengo gisa aukeratu zuena- ihes eginda dago, ustelkeria dela eta, semeak hartu duelarik ardura. Egunotan, mahai gainean dago frankismoaren krimenak ikertzeko aukeraren irekiera, ez dago argi zertan geldituko ote den, baina ate hori irekitzeko ideiak jada zalaparta ekarri du, bistan denez, asko baitira inpunitatea estatu arrazoi gisa hartzen dutenak.
Eta izan, bada, espainiar estatu arrazoia izan da, orain arte bederen, diktadura eta ditkadurak egin zuenaren zuriketa. Hori gainditzen hastea urrats erraldoia litzateke, eta hortan dabiltza Euskal Herriko eta Kataluniako independentistak. Esan bezala, ez dago argi presio hauek arrakastarik izanen ote duten. Baina hagitz esanguratsua da Francoren itzala itzaltzen hasteko urratsak Espainiatik joan nahi dugunon ekimenaren ondorio izatea.