Nahasmena ederra atzematen da eskuinaren munduan. UPN jaun ta jabe izan da urte askotan, Del Burgo eta beste antzekoen ziztadak gora eta behera, baina nafar eskuinaren lidergoa kolokan dago gaur egun. Edalontzi ttikiko ekaitza izan zitekeen, inork ez baitu UPNk denon diruaz eta denonak izan beharko luketen instituzioei esker eraiki duena, baina, to, eskuina aldatzen ari da eta Esparza eta bere lagunak, nork esanen luke, blandenge gisa gelditzen ari dira. Gainera, nagusitzen ari diren joeren aurrean iniziatiba hartu ezean, besteen jokua segitzen ari dira UPNkoak, zituzten abantailak ahaztuta edo.
Gauzak horrela, edozein tontolapikok hordagoa botatzen dio UPNren buruari, eta honek bere menpe jarduten du, lehian murgiltuta. PPkoek goiz ikusi zuten UPNren noraeza estrategikoak aukera bat irekitzen ziela, eta hala ibili dira batzuk eta besteak, norgehiagoka, astakeriarik handiena nork esanen ote zuen. Ciudananosekoak jokaldiaz jabetu eta bide beretik tiraka dabiltza, oraingoan Voxekoak ere bestara hurbildu direlarik. Aldaketa errotzeko aukera ederra, bestalde, behar bezala baliatu beharko genukeena.