Madrilen aztertzen ari da egunotan Raxoyren kontrako zentsura mozioa. Tamalez, ez dago mahai gainean 78ko erregimenaren errefusa moziorik, aukerak erregimen honetako indarren artean eraiki direlarik. Podemos bera erregimenaren barnean kokatzen ahal dugu maila batean, tamalez, oin bat kanpoan badu ere, zeruak hartu eta erregimena errotik aldatzeko egitasmoa baztertu baitu. Gauzak horrela, aukera txarren artean proposatzen da hautua eta halakoetan gaitzerdi izan daiteke gaitzerdiaren alde egitea, zerumuga bistatik galtzen ez bada, bederen. Gaitzerdi, baina ez onura.
Mugatuak dira aukerak Espainiar Erresuman. Krisia politikoa lehertzen ari da, baina oso ahulak dira aldaketa sakon baten aldeko indarrak. Nafarroan besterik erakutsi dugu azken urteotan, mugak muga eta oztopoak oztopo. Ikusiko zer ematen duen espainiar estatu mailako eztabaidak, baina gure erronka bertan dago, Euskal Herrian, nafarrondako, Nafarroan, zehazki. Espainiaren menpe gaude, gustatu ala ez, horregatik hain zuzen Espainiarekiko menpekotasuna gure baitan, gure pentsamendu eta jardueran gainditu behar dugu beste edonon baino lehen. Izan ere, abiatutako aldaketaren jarraipen eta sakonketa gure eskuetan dago, ez Madrilen.