Maiatzaren 15aren eragina mugatua izan zen Euskal Herrian, baina kasu, ondorio garrantzitsuak izan baitzituen mugimendu horrek. Esaterako, Nafarroako aldaketa instituzioetara iritsi izana ezin da ulertu 1978ko erregimenaren inpugnazio bide berri horren irekierari erreparatu gabe. Plazetan zenbat lagun elkartu baino, zabaldutako ideien hedapenari begiratu behar zaiolakoan nago, beraz.
Beste afera bat da inpugnazio berri horretatik sortu ziren eragile berrien ibilbidea. Podemosi buruz ari naiz, jakina. Nafarroako Ahal Dugun ikusten ari garenak zerpentsa ematen dit, besteak beste, aldaketaren etorkizuna kolokan jartzen ahal dutelako batere berriak ez diren jarduera sektarioek. 1978ko erregimenaren inpugnazioa alde batera utzita erregimenaren ezkerra izan nahi dutenak ofentsiban daude Nafarroan, nabarmena da. Eta maiatzaren 15aren izpiritua likidatzea erabaki dutela dirudi. Lortuko dute? Ikusiko.