Gara egunkarian ekartzen zituen lehengoan gogora Intxustak Gamazada (https://eu.wikipedia.org/wiki/Gamazada) izenpean ezagutzen diren XIX mende bukaerako protestak. Egokia zen aipamena, ene ustetan, Espainiar Estatuak Kataluniaren kontra abiatu duen makroerasoa ez baita gertaera isolatua, joera orokorretan kokatu beharreko urratsa baizik. Nafarroa ere dago joera horien jomugan, Iruñeko Parlamentuan onartutako lege askoren aurkako helegiteek erakusten dutenez. Edozein zalantza argitzeko, zehazki aipatu dute batzuek ditxosozko 155. artikulua guretako ere prest dutela.
Kataluniar prozesu soberanista eten nahian autonomien estatua deuseztatu dute eta eredu horren menpekoa da gure oraingo estatusa, inoiz bozkatu ez duguna, bestalde. Estatuan nagusitzen diren haizeak ez dira demokraziarenak, autoritarismoa eta zentralizazioarenak baizik. Bai, ideia ona da iraganeko protestak oroitzea, laster abiatu beharko ditugun mobilizazioetarako inspiragarriak izan daitezke eta!