Espainiak oso zaila bilakatuko du urriaren bateko erreferendumaren gauzapena. Izan ere, demokraziaren urraketan estatu aritu eta aditua da. Aspaldi ohartu ginen Euskal Herrian, eta gurean nahiz kanpoan zinez historia luzea da botua, hauteskundeak eta orohar herritarren erabakiarekiko espainiar gorrotoaren ibilbidea. Espainia ez da inoiz inolako herriren estatu bat izan, inperioa izan zen, eta inperio ohia da aspaldi. Aldatu da bidaia horretan, jakina, baina beti gutxi batzuen estatua izan da, espainiar nazionalismoa gutxi horiek herritarrak eta herriak loturik gordetzeko tresna izan delarik.
Nazioa eraikitzeko gai ez den Espainiaren helburu bakarra bere menpeko estaturik gabeko herriak suntsitzea izan da, eta da. Hau dugu, finean, Espainiaren ahulezia nagusia eta hortik apurtzen ari da, askapen bideak irekiz. Oraingoan, Katalunian gertatzen ari da, ondotik, batek daki, agian, asmatzen badugu, Nafarroan! Aizue, lagunok, katalanek irteeraren bidea harturik, gu ez gara geldituko, ezta? Mesedez, faborez, otoi...