Pedro Sanchezek irabazi du, Susana Diazek galdu du eta Patxi Lopezek oroitu digu ez dakiela putxerazorik gabe irabazten. Estatu kolpe eman zuten alderdiko jauntxoek Sanchez kanporatzeko eta erabaki hura beren kontra itzuli da, militanteen haserrea agerian gelditu delarik.
Zer eginen ote duen orain PSOEk galdetzen du jende askok. Ezkerrera joko duela esaten dute batzuek, PPren kontrako jarrera argia hartuko duela, hots. Ez dakit ba. Argigarria iruditu zait UPN eta PPren menpeko morroi sumisoa den Nafarroako PSOEren jarrera, Sanchezen alde egin baitu. PPri aurre egiteko UPN eta PPren eskutik joan? Aldaketaren kontrako manifestazioan parte hartzea da PSOE berriaren ildoaren adierazpena? Non dago hor berritasuna? Betikoa da, betikoen zerbitzura. Garbiketa handia egin beharko luke Nafarroako PSOEk, eta ez ditut jarrera horretan ikusten, are gutiago orain, irabazlearen alde eginik. Ildoa aldatzeari ihes egiteko aitzakia aurkitu dute berriro ere, oraingoan Pedro Sanchezen ustezko berrikuntzaren izenean.