Urteak eman ditugu Nafarroan Ferraz izena duen Madrilgo kale batean zer erabakiko zuten zain. Denok oroitzen ditugu Roberto Jimenezen ergelkeriak, eta ederki dakigu erabakiak Madrilen hartu zirela. Urteak pasata, argi gelditu zen aldaketa ez zela PSOEren eskutik etorriko, aldatu beharrekoan kokatuta baitzegoen alderdi hau, eta ez indar eraldatzaileen artean. Finean, erabakiak Madrilen hartzen diren bitartean, estatu mailako ikuspegi eta interesak lehenetsiko dira, Nafarroa eta nafarron kalterako.
Podemos eta PSOE alderdi ezberdinak dira. Kontua ez da paralelismo sinplerik egitea, azterketa zorrotzak egitea baizik. Baina zorroztasuna da erabakien kokalekuaren garrantzia mahai gainean jartzen duena, hain zuzen. Izan ere, nork erabakiko du zer eginen duen Podemosek hurrengo hauteskundeetan? Batetik, jakin beharko genuke beren Ferraz kalean ala Nafarroan erabakiko ote den. Baina, bestetik, kokapen fisikoaz gain, ikuspegia ere aintzat hartu behar da, batzuek Nafarroan egonik ere Madrilera begira eta estatuaren lojikapean egiten dutelako politika.