Arrarua egiten da separatismoaren kontra hitz egitea, betidanik separatistatzat hartu gaituztelarik euskal independentistak eta bide beretik, abertzale eta euskaltzale guziak. Baina, egia esan, zuzen eta argigarria da separatismoa euskal lurraldeen eta bereziki Nafarroaren zatiketaren defentsan kokatzea.
Ikuspegi afera da, ohi bezala. Zer batu? Zer bereizi? Batzuok, Nafarroa eta orohar Euskal Herriko herrialdeak batu nahi ditugu estatu berri bat osatzeko. Horrek, jakina, gaur egungo espainiar eta frantziar estatuak haustea dakar. Euskal Herria abiapuntu hartzen duten ikuspegian, halako proposamenak bateratzaileak dira, erromantzez adierazteko: unionistak. Espainiar edota frantziar ikuspegien arabera, separatistak dira, alta.
Hitzek badute garrantzia, jakina! Jende askorendako batzea balore onuragarria da, eta bereiztea, kaltegarria, itsusia. Basaizeako lagunek gogoeta ederra jarri dute mahai gainean, zinez. Baigorrin izanen naiz ni ere heldu den igandean, separatismoaren kontra, ene nafar-euskal unionismoa aldarrikatzeko, hau da, euskal lurraldeen bateratzearen alde!