Zer egiten zuten espainiar militarrek Leitzan? Argi dago txaloak jasotzera ez zirela joan. Hori lortzeko ez zuten Leitza aukeratuko, askoz ere erosoago sentitzen baitira Espainiako Aste Sainduko prozesioetan, esaterako. Pentsatu behar dugu, beraz, besteren bat izanen zela helburua. Eta, ziur asko, indar agerpenaz lotuago dago jendeari laguntza emateaz baino.
Leitzakoa, ikusgarria izanik ere, ez da salbuezpena. Izan ere, espainiar militarrak dira guardia zibilak, ETAren jarduera armatua bukatu zenetik kontrol jarduerak areagotu dituztenak, hots.
Hor daudela aldarrikatu nahi dute. Beharbada, jendeak bertako polizia indarrak nahiago dituelako salaketak jartzerakoan. Agian, gero eta jende gehiagok galdetzen baitio bere buruari zer kontxo egiten duten gure herrian. Bestela esanda, herritarroi oroitarazteko Espainiar Konstituzioak estatuaren osotasuna bermatzeko mandatua ematen diela.