Aldaketaren urtea izan zen Nafarroan duela egun gutti batzuk joan zaiguna. Instituzioetako gehiengoen aldaketa, berriz, udaletatik gobernuraino zabaldu bada ere, ez da erregimen aldaketa. Izan ere, erregimena gehiengo instituzionala baino askoz ere gehiago bazen eta beste eredu baten eraikuntzak, halabeharrez, aldaketa sakonak eskatuko dizkigu, instituzio mailako errelebotik haratago joan nahi baldin badugu, bederen. Orain arte abiatu ez diren aldaketa sakonak, hots.
Atzematen ahal dira, aldaketaren esparruan barnean, indar eta proposamen ezberdinen arteko tentsioak. Elkarjoka dabiltza oraingo erregimenaren beste irakurketa egiteko asmoa eta erregimen berriaren eraikuntzaren eskaera. Tentsio hauen emaitza ez dago aurretik idatzita eta, ene ustetan, tentsio sortzaileak izan daitezke, ongi kudeatuz gero. Finean, gehiengo alternatiboaren osaketa ezin da ulertu tentsio horiek adierazten duten aniztasuna aintzat hartu gabe.
Ez da makala izanen, bada, tentsio hauek aldaketa aurrera eramateko indarra bilakatzea. Ez dago besterik, berriz: hobe dugu ongi egitea! Urte berri on!