Bortxaketa bat Nafarroa Oinezen! Bizkor zabaldu da berria. Kezka, haserrea, batzuengan beharbada harridura. Halako gauzak halako giroetan gertatzen ote dira? Ezinezkoa da! Hau izaten da askoren erreakzioa, errefusatzen dugun zerbait hain gertu atzematen dugularik.
Izan ere, beste mundu batean bizi garela sinestea gustoko dugu. Gure munduetan, euskararen munduan, esaterako, gaindituta dagoela matxismoa, berdintasun harremanak eraikitzen direla…, batez ere gaztetxoen artean. Errealitate gordinak astintzen gaitu noizean behin eta gu ere aldaketa sakonak behar dituen munduan bizi garela oroitzen dugu. Jauziak eta urratsak eman dira, baina urrun daude berdintasuna eta matxismorik gabeko mundua, urrun, baita gure munduetatik ere.