Ezina ekinez egina, hala zioen 1990ean Lizarran egin zen Nafarroa Oinezen kantak. Egia esan, kanta polita zen eta arrakasta zabala izan zuen, oraindik ere kantatzen delarik.
Aunitz dira 25 urte hauetan gertatutakoak, baina hunkigarria da kantak adierazten dituen ametsak gauzatzeko bidean egon gaitezkeela pentsatzeak. Izan ere, urte luze eta gogorren amets eta egitasmoak indarrez baztertu dituzte, Nafarroa ofizialak nafartasuna ere ukatu digularik.
Hondarreko urteotako aldaketak instituzioetara ari dira iristen, zorionez. Mirakuluak Lourdesen esan ohi da. Erronka aldaketak gogotik eta behar den eran gauzatzea da, urrats sendo eta errotuen bidez. Baina, une batez sikiera, onar dezagun maiatzaren 24an lortutakoak hainbat mirakulu gainditzen dituela. Ezina ekinez egiten ikasi dugu. Segi dezagun lanean, beraz, auzolanean, aldaketa gauzatzen!