Aldaketa gauzatuko da? Aldaketarako aukerarik emanen ote dute emaitzek? Zalantzak pilatzen dira hauteskunde aurreko azken egunotan. Inkestek deus gutti argitu digute, operazio publizitarioak direlako. Gauzak horrela, eskertzekoa litzateke, bederen, alderdiek egin nahi dutena argitzea. Batez ere, aldaketaz mintzo diren indarrek zer egin nahi duten argitzea.
Gero gerokoak, esaten dute batzuek. Bestela esanda, emaitzen arabera erabakiko dute. Baina haiendako gordetzen duten aukera hori botu emaleoi kentzen digute. Izan ere, botua eman izana ezin da itzuli. Baten batek harriduraz har dezake hemendik aste batzuetara, aldaketaren aldeko botua erregimenaren zutabea izan den PSN gobernuan jartzeko erabiltzea, esaterako. Hala gertatzekotan, beranduegi izanen da, alperrikakoa izanen da haserrea, botua ezin baita hauteskunde ondotik aldatu.
Beraz, gero gerokoak ez. Hobe botua ongi hautatzea orain, beranduegi haserratzea baino.