Urteetan zehar saldu digute oasis foralaren mitoa, zeinaren arabera paradisu miresgarrian bizi baikinen Nafarroan. Hemen dena ongi egiten zen, beste edonon baino hobe. Osasungintza, irakaskuntza, errepideak, mendiak, kaleak, dena ongi zegoen, ongi zaintzen zen. Eredugarria omen zen Nafarroa.
Mito hori lehertu eta lainoaren gibeletik bestelako Nafarroa agertu zaigu, aspaldikoa, propaganda ofizialak izkutatu nahi izan zuena. Injustizia eta ustelkeriaren Nafarroa, gutxi batzuen eskuetan dagoena. Gehiengoari sorbalda ematen dion Navarra foral eta españolaren irudirik gordinena azaldu da eta, zinez, ez da ederra. Eta gainbeherak ikur nagusiak urratu ditu, osasunik gabeko Osasuna, esaterako. Egia esan, gaur egun ez da erraza oasis foral horren arrastorik aurkitzea.