Urriak 11 eta hurrengo hitzak mahuka laburreko kamiseta batekin grabatzen ari naiz. Urriak 11 eta unibertsitatera oraindik prakamotzekin joaten ari naiz. Urriak 11 eta badirudi jertsea armairutik ateratzeko unea ez dela inoiz iritsiko.
Guztiok nabaritu dugu San Martin udatxo hau gehiegi luzatu dela. Ia bi aste daramatzagu jada sasoi honetarako normalak ez diren tenperaturekin. Kanariar irletan adibidez, klaseak bertan behera utzi dituzte aste honetan, urriko tenperatura-markak hausten dituzten bitartean.
Badakit arlo honen inguruan behin eta berriz lerroburu kezkagarri berdinak entzuten ditugula, baina datuak hor daude. Pasa den iraila beroena izan da erregistroak ditugunetik eta, CNNaren arabera, 2023 inoiz izandako urterik beroena izateko bidean dago.
Hots, testuinguru hau dela eta, benetan kontzientzia hartzeko unea da. Agintariek neurri anbiziotsuak hartu behar dituzte aldaketa klimatikoaren efektuak murriztearren. Bestela, orain errespontsabilitatearekin ez jardutearen ondorioak kalkulaezinak izan daitezke.