Partida

Erabiltzailearen aurpegia Ander Aranguren 2022ko ots. 16a, 19:38

Berriro ere gerraren mamua antzeman daiteke Europan. Errusiak Ukrainarekin dituen mugetatik tropak kenduko dituela defendatzen duen bitartean, Kievek zenbait eraso informatikoren berri eman du. Testuinguru honetan, komunitate internazionala begi irekiekin ekialdeko bi herrialde hauei begira dago, lehenengo pieza nork mugituko duen zain.

Hala ere, guztiok dakigu benetan tentsio beliko hau ezin dugula soilik Errusia eta Ukrainaren artean finkatu, izan ere arazoa askoz ere sakonagoa da. Nola ez, partidan falta diren ezinbesteko jokalariak sartu behar ditugu: Ameriketako Estatu Batuak eta NATO. Horrela, Putinen kabineteak dio azken hauek gerra-egoera bultzatzen ari direla, Washingtonek berdina defendatzen duen bitartean, baina kontrako suposizioarekin. Hots, inork ez du jokaldia hasi nahi, baina badaezpada ere guztiak prestatzen ari dira, mandatariek jada dakiten zerbait baletor bezala. 

Bitxia da hain gogorra izan daitekeen egoera hau mahai-joko batekin konparatu ahal izatea, baina beti horrela izan da: gerraren ondorio zuzenak jasango ez dituztela dakiten bakarrek herria bultzatzen dute heriotzara, jolas bat balitz bezala. Ikusiko ditugu hurrengo egunetako berriak ea partida burutuko duten edo, zorionez, jokaldia beste baterako uzten duten.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!