Hasi berri dugun hilabetearekin, niretzat urteko sasoirik politenari harrera eman diogu. Eguna luzatu eta tenperaturak igo dira eta zuhaitzek haien lore ikusgarri eta hosto berri-berriak erakusten dituzte. Naturan ikusgai diren aldaketa hauek gure jarreran eragina dute noski. Horrela, ikaslegoaren artean, adibidez, kontrako sentsazioak daude. Alde batetik, azterketek ia gure denbora guztia kentzen digute, baina, bestetik, ezin dugu gero eta nabariagoa den poztasun bat ezkutatu, izan ere begirada kurtso amaieran daukagu ipinita jada.
Gainera, guzti honekin batera beste aldaketa bat aurki dezakegu aurten: txertaketa prozesuaren gorakada, aurreko hiruhilabetearekin konparatuz, erritmoa izugarri igo baita apirilean zehar.
Ia nagusi guztiak babestuta daude dagoeneko eta gero eta gehiago dira hainbeste itxaron duten deia jasotzen dutenak. Badakigu oraindik amaiera urrun dagoela eta esfortzu handiak egin beharko ditugula datozen hilabetetan, baina badirudi, orain bai, azkenean, bidea aurkitu dugula. Hau da, hain gertu dagoen uda pasa den urtekoa bezain arraroa izanen bada ere, zalantzarik gabe, orain zeruertzean ikusten dugun itxaropen hori, gero eta errealagoa bilakatuko da.