Gogoratzen zarete euskaraz “Txori zoro” izenarekin bataiatu zen marrazki bizidunetako pertsonaia, gaztelaniaz “Pajaro loco” izena zuena? Bada, begiratu Barne Ministro berriaren argazkia, gaur gutxienez hiru portadatan ikusi dudana, eta beharbada ministroari haren antza harrapatuko diozue, nik neuk harrapatu diodan bezala, batez ere Garakoan, non oso nabarmen ikusten baita ilea tente mantentzeko erabilitako gominaren arrastoa.
Torturaren enkubridore bat Barne Ministroa izatea ez da seinale ona, ez horixe, batez ere kontuan hartuta euskaldunen botoak beharrezkoak izan direla gobernua eratzeko; baina katalanen botoekin ere eratutako gobernu batek azken argudioa antikatalanismoan aurkitu duen bat Atzerri Ministroa izendatzea, horrek ere badu bere zera. Bestalde, gauean, kirol programa batean, entzun dut nola irrati esatari harritu batek esaten zuen Kultura eta Kirola Ministroak duela gutxi arte mezuak idazten zituela sare sozialetan, esanez berari kirola ez zaiola batere inporta eta gainera uste duela merezi baino gehiago baloratzen dela.
Gero esango digute politika negoziazioaren artea dela, eta ezinezkoa ahalezko bihurtzekoa, eta desberdinen arteko gatazkak konpontzekoa, eta gainerako kalaka guztiak, baina lehen begiratu batean, gobernu osatzea suhiltzaile piromano baten gauza izan dela dirudi.