Zordunen zerrenda bati argazkia ateratzea zentzu handirik ez duenez, Nafarroako Ogasunari 200.000 euro baino gehiago zor diotenen zerrenda atera dela ilustratzeko, irudiaren metaforarako indarra baliatuz, Foruen monumentua atera ohi dute, edo bestela, era prosaikoago batean, Foru Ogasunaren eraikina, Diputazioko pinuaren aldetik argazkia eginda.
Hala gertatu da aste honetan. Zordun handien zerrendak grazia galdu du, ordea, beti berberak daudela dakigunetik; berberak, eta gehienetan ezagutzen ez ditugun soziedadeen izenaren atzean ezkutatuta, gainera.
Zergatik daude beti berberak, baina, eta zer nolako neurriak hartzen dituzten beren aurka, inork ez dakiena da, baina dagoeneko denok imajinatzen dugu.
Gaur, kutsu elektoraleko beste argazki batzuekin batera, izan da beste bat, Noticiasen, deigarria egin zaidana. Villa Almudenarena da. Izenak ez digu ezer esaten, baina argazkia bai: Donostiako Kontxa aurrean dagoen “villa” eder eta ezagun bat da. Berriak dioenez, 6 etxebizitza egin behar omen dituzte, eta han da metro koadroa garestien estatu osoan. Emaitza: 150 metro karratuko pisu batek hiru milioi euro balioko du.
Zuek denak pentsatzen ari zaretena ez ezik, baietz zordunen zerrendan dagoen bateon batek pisu horietako bat erosi.