Emakumeak kalean zeuden atzo berriz, Noticiasek dakar argazkia, PPri eskatzeko tratu txarraren kontra agindu zituen diruak benetan eman ditzan. Emakumeak kalean daude aspaldi, eta bereziki “La manada”koen sententzia lotsaemangarria atera zenetik. Norberak galdetzen dio bere buruari nola liteke halako epaile bat egotea sistema judizialean, eta orduan irakurtzen du bera ez ezik, epailearen anaia orain eta aita lehen, horiek ere sistema judizialean aritu izan direla, “Espainiako judikaturan tradizio handiko familia batekoa” delako. Azkenean betikora iristen gara: oraingo sistema judizialak frankismoan ditu sustraiak.
Esparza eta enparauak ere agertzen dira Noticias digitaleko argazki txiki batean, zapi gorria lepoan, eskatzen ari omen direlako udalek ordain ditzatela autobusak euskararen “inposizioaren” –kakotx artean, noski– aurkako manifara etortzeko.
Atzo, nonahi, Eneko Etxeberriaren argazkia ageri zen, desagertu zenetik 38 urtera, bere anaiaren hilotza non dagoen galdezka.
Gaur, Garan, Belgikako justizia jauregi bateko eskailerak eta bertan Kataluniako kontseilariak, libre. Egunkari berean Tamara Carrascok, Errepublika Defenditzeko Batzordeetako aktibistak, ohar hau egiten du: “Eztabaida demokraziari buruzkoa da”.
Egia biribila gure lehendakariek esaten dutena: “Franco ez zen sekula esistitu behar izan”