Gaurkoa Noticiaseko edizio elektronikotik erreskatatu dut.
Ezpain ertzak beherantz ditu, eta esku-ahurrak airean eta beherantz zuzenduak, ezer ez dakienaren keinu tipikoena osatuz, gutako edozeinek ideiarik ez, aizu, niputaidea esaten dugunean bezala.
Gainerakoan, jantzia inpekablea da, ile zuri lustrosoa inbidiagarria, eta pastazko betaurrekoak, marka onekoak.
Argazkian agertzen dena Enrique Goñi da, gure kontura milioi eta erdi eurotik gora irabazten zuenarena, eta Parlamentuko batzorde batean dago, parlamentariei horixe esanez, aizue, Caja Navarra desagertu dela? Eta niri zer esaten didazue, nik, niputaidea.
Argazkia Javier Bergasarena da, eta sari bat mereziko lukeen horietakoa, ez dudalako uste ez inon eta ez inork lortu duenik, berak lortu duen bezala, lotsa faltaren eta aurpegi gogorraren hain erretratu zehatza.