Gaur bertako egunkari guztiak gainezka dauden ibaiez gainezka daude. Gainezka, Espainiako demokrazia esaten den horren ustelkeria balira bezala. Halakorik arrazoiak susmatzeko bazeuden arren, inozoak gara izatez, eta ez genekien komunikabideak, politikariak, epaileak, militarrak, poliziak eta kleroa ez ezik agintari akademikoak ere erosita dauzkala kapitalak. Barre batzuk egin nituen lehengo egunean telebistan ikusi nuenean Espainiako unibertsitate bateko katedradun bat protestak egiten, esanez, Cifuentesen kasua zela-eta, ez pentsatzeko Espainiako unibertsitatea horrelakoa zela.
Ibaiek gainez egiten dutenean eta dena urpean gelditzen denean, dena lau eta gorabehera geografikorik gabe gelditzen denean, txalupa da bi punturen arteko lerroa lotzeko modurik zuzenena; politikari batek errektore bati egindako dei bat den moduan master bat lortzeko modurik erosoena.
Hori horrela da, Espainiako unibertsitatea hori da, politikaren meneko beste barraka bat, adibideak sobra dauzkagu, eta ez da oso urruti joan behar hori baieztatzeko. Eta hau sinesten ez duena edo gurean halakorik ez dela uste duena, etortzea eta galdetzea dauka.