Gaiari eskaini dizkioten argazki ugariren artean, Berriakoa gustatu zait: gizon baten silueta, bizkarrez, horma zuri bati begira. Horma zurian, lehen, argazki pixelatu batzuk egon dira. Argazki horietan, Junqueras, Kataluniako Jordiak; Arantza Zulueta eta Arnaldo Otegi, Altsasuko gazteak, Jabier Salutregi, eta Resistencia Galega eta SAT sindikatuko kide bat; La bruja y Don Cristobal antzestu zuten titiriteroak, eta 15Mko aktibistak, eta Itoizko solidarioak. Eta hala, 24 argazkitako serie bat osatu arte, non, bistan denez, dauden guztiak dira, baina ez daude diren guztiak.
Horiek denak agertzen dira Santiago Sierra artista madrildarrak Arco arte ferian erakutsi duen “Presos políticos en la España contemporánea” izeneko seriean. Uste izatekoa da, Sierrak aurpegiak pixelatu zituenean, artistaren helburua izango zela salatzea preso politikorik gabeko Espainia ofiziala preso politikoz beteta dagoela, hain zuzen; baina Ifemak, Arco antolatzen duen erakundeak, argazki-serie hori Arcotik kentzeko agindu du, aurpegi pixelatu batzuk ere gehiegi direlakoan ezer ikusi nahi ez duen diktadura kamuflatu –gero eta okerrago kamuflatu– honetan. Marka ere bada: obra kenarazi diote, beste 300dik gorako preso politikoren erretraturik jartzen ausartu ez bada ere. Susmoa dut 300 horien argazkiren bat jartzen ausartu izan balitz, Sierra bera agertuko litzatekeela seriearen hurrengo argazkian.