Berriak azalean dakarren argazki handiari kasu eginez gero, Europa guztiak lasai hartu du arnasa Merkelek eta Schulzek Alemanian koalizioan, Koalizio Handian, hain zuzen, gobernatzeko ituna izenpetu dutelako.
Bi liderren itxura gris eta ohikoa baino are kezkagarriagoa iruditu zait argazkiaren hondoaren kolorea, PPk bere kartel, logo eta propaganda guztietan erabiltzen duen urdin horixe bera delako, Pantone berbera esango nuke.
Bitartean, Espainia esaten dioten putetxe honetan, Podemosek eta Ciudadanosek bultzatuta, hauteskunde sistemaren erreformaz hitz egiten hasi omen dira. Ez da oso azkarra izan behar jakiteko erreformaren helburua zein den: katalanei arrazoi demokratikoa kentzea, eta errebotez, baita baskongadoei ere, kasua iritsita.
Etorkizuna Berriako argazkiaren kolore horretan dator, eskuina maite ohi duen urdin horretan. Eta ez du batere inporta zein diren urdinaren aurrean argazkirako jartzen diren politikariak, ez eta zenbat diren ere, asuntua delako bermatzea Europa estanko bat izatea; hau da, toki bat non nekez sartzen baita, baina behin sartuz gero, ezinezkoa baita milimetro bat bera ere mugitzea, pantone urdinezko harresiak nonahi daudelako.