Egunotan ikusi ditut hainbat mediotan, bereziki Diarioko azalean, astebukaeran. Alde Zaharreko merkatariek eskerrak ematen dizkigute haraino joateagatik, oso nekagarria omen den arren, txartel ikusgarri batzuetan.
Espero dut inor mehatxatuta ez sentitzea esaten badut aspaldi ikusi dudan kanpainiarik erridikulu eta barregarriena dela.
Batzuetan, asteburuetan, Alde Zaharrera joaten naiz ardo batzuk edatera. Alde Zaharra tabernaz beteta dagoelako, publiko eta nabarmena den bezala. Jendez beteta dauden tabernaz beteta: sekula galdetu diote Alde Zaharreko merkatariek zergatik dauden tabernak mukururaino jendez, beren komertzioak, antza denez, ia hutsik dauden bitartean? Kanpaina bere goren puntura iristen da txartel famatua bertako harategi batean ikusten duzunean. Zer uste dute, bada, Alde Zaharreko harakinek, haiek asmatu dutela oilasko paparra, edo oilasko paparrak saltzeko esklusibitatea daukatela?
Jateko gauzak ere politizatzen ari dira, eta haiek ikusiko dute, baina gauza jakina da janariarekin ez dela jokatu behar.