Fitur

Erabiltzailearen aurpegia Jon Alonso 2018ko urt. 18a, 12:37

Atzo ireki zen Fitur turismo feria, eta Diario de Noticiasen edizio elektronikoak argazki bat eskaini dio ebentoari. Bertan Ayerdi kontseilaria dago, besoa luzatuta, Nafarroako bazter miresgarriak erakusten ariko balitz bezala, nori eta Felipe eta Letizia errege-erreginari, zeinek Ayerdik saldu nahi dien produktua kadukatuta dagoelako susmo-aurpegiarekin begiratzen baitute. Argazki oinak azaltzen du Nafarroak laurehun eta berrogeita hamar mila bisitari gehiago lortu dituela azken hamar urtez, batez ere Santiagorako hamaika bidek zeharkatzen dutelako foru lur bedeinkatua.
Gero etorri zait burura joan den urtean, edo duela bi urte, Dolores Redondok inauguratu zuela Nafarroako erakustokia Fiturren, Baztango bazter miresgarrien propaganda eginez, eta Ayerdi bera eta bere alderdia Aroztegiaren proiektuaren alde daudela, eta orduan zer aldatu den galdetu diot nire buruari, zer eta noraino. Gero etorri zait burura UPNk Hezkuntza Kontseilariaren agerpena eskatu duela, Baztango institutuan ikasleak Telleria eta gero zer titulua duen liburu bat irakurtzen ari direlako, eta gero iada ez zait beste ezer gehiago burua etortzen, orduan hasten bainaiz, izkutukoa, nire baitan pizten diren bazter miresgarriak ikusten.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!