Romevaren jakak

Erabiltzailearen aurpegia Jon Alonso 2017ko aza. 9a, 12:22

Gaur ikusi dut Garako azalean, atzo katalanek egin zuten protestaren argazki bat: manifestari andana bat, eta haien artean batek Raul Romevaren argazkia darama, eta azpian “Llibertat” hitza idatzita.
Romeva kartzelan dagoenetako bat da, noski. Proces hasi zenetik, beti txunditu nau ikusteak zer jaka dotoreak janzten zituen Romevak.
Katalanen mobida hau hasi zenean, eta denok edo ia denok uste genuenean proces delakoak antzerkitik asko zeukala, eta azkenean katalanen eta espainolen eliteak konponduko zirela, tentazioa eduki nuen idazteko eta irakurtzeko hemen, Euskal Herri irratian, proces delakoaren gako nagusia zela jakitea non erosten zituen jaka dotore eta eder horiek Raul Romevak.
Romeva eta gainerakoen askastasuna (Altsasuko gazteak eta euskal presoak ere barne, jakina) eskatzen dugun honetan, poztu naiz halako fribolitate ergel hura bota ez nuelako, eta gogoratu naiz katalanen mobidaren beste ikasgai bat, nork daki ez ote den nagusienetakoa: dotorearenak ez duela ausartarena kentzen. Eta ikasgai horren ifrentzua ere etorri zait burura: lapurrarenak ez duela kobardearena kentzen, ezta ere; nahiz eta hau gogoratu Rajoyren argazkia, gaur ere ia egunero bezala prentsan, ikusi dudanean.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!