Gure esku omen dago

Erabiltzailearen aurpegia Jon Alonso 2017ko aza. 2a, 12:19

Noticiasek portadan eskaintzen duen kanposantuko irudi betierekoak ez nauenez betetzen, gaur begiak bi argazkien atzetik joan zaizkit. Berriako eta Garako azalek eraman naute lehenera: bertan igandean boto emango duten hamahiru herriren ordezkariak ageri dira, ilusionatuak eta irribarretsuak, beren kamiseta koloretsuekin eta herriaren izena dakarren kartelarekin. Hamahiru horien arteko bat Getxo da, orain arte galdeketa egin den handiena, bere higurogeita hemezortzi mila biztanlerekin.
Baina irudi alai eta esperantzaz beteriko horrek bigarren argazkira ere eraman nau; bigarren hau Garak dakar bere bigarren orrian, eta bertan Jose Manuel Maza, Estatuko fiskal nagusia ageri da. Maza fiskalaren irudiari, betaurrekoak kendu, eta daraman trajearen ordez, fraile baten habitua jarriz gero, batek aise irudika dezake nolakoak izango ziren duela ez hainbeste jendea erretzea zetorren Inkisizio espainiarraren ordezkariak.
Irribarreak eta negarrak, ilusioak eta zaputzak, esperantzak eta etsipenak, horrela joaten zaizkigu egunak Noticiaseko portadan amaitu arte, eta barkatu gustu txarreko komentarioarengatik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!