Txistorrizazioa

Erabiltzailearen aurpegia Jon Alonso 2017ko eka. 8a, 11:55

Gertatu behar zen eta gertatu da: Nafarroako politikaren txistorrizazioa, hurrenez hurrenekoa orain arte, joan den larunbatetik erabatekoa eta atzeraezina da, dagoeneko buru burutsuek “ziztor woman” izenarekin bataiatu dutenak utzi zizkigun irudiak eta argazkiak lekuko. Ez da hainbesterako, ispiritu gaiztoak uxatzeko magia moduan ez dago gaizki; konparaziorako, gaurko egunkarian irakurri dut bost burusoil hil dituztela Mozanbiken beren organoak erritualetan erabiltzeko. Mozanbikekoaren ondoan, txistorra xume bat zilizio moduan erabiltzeak abantaila handiak ditu: hasteko, bertsio arantzadun bat komertzializatu daiteke OPUSeko numerarioei saltzeko, “Txistorlizio” izenarekin, esaterako. Eta bestalde, jantzia, bere osotasunean, klasiko bihur daiteke ihauterietan, eta gainera publizitaterako euskarria ere izan daiteke. Iturri onetik dakit dagoeneko eskaini diotela Viscofan enpresari, bere produktuen kalitate onaren propaganda egiteko. Hori bai: ez dakigu jantziaren zer bertsio erabili beharko dugun PAIren aurka protestatu nahi badugu; Beefeater botila batekin bizkarrean jotzea deserosoegi iritzirik, uste dugu hobe izango dela botila osoa irenstea, protesta hasi baino lehen. Azken orduko albistea: konfirmatu da Ayerdi ez dagoela Mozanbiken hil dituzten burusoilen artean (hurrengo astean jarraituko du).

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!