Gaur Diario de Noticiasen edizio digitalak dakarren argazki bat, eta harekin datorren notizia, egin zaizkit deigarriak.
Argazkian tipo bat dago, lo zaku baten barruan, Labrit aldeko harresiaren gainean. Notiziak dioenez, harresitik lurrera hamar metroko altuera dago, eta harresi-gaina ez da metro bateko zabalera iristen. Antza denez, udaltzainek esnatu zuten lotia, eta beste toki batera joateko gonbidatu.
Zer pentsatzen du halako gauza bat egiteko gertu dagoen pertsona batek? Uste du erortzeko arriskutik libre dagoela? Ez zaio inporta erortzea? Are, bere burua botatzeko kemenik ez, eta lo dagoela erortzea da benetan nahi duena? Edonola delarik ere, bistan da arriskua maite edo arriskuak erakartzen duela.
Antzeko egoeran imajinatu dut Ayerdi, Abiadura Handiko Trenaren burdina-bidearen gainean lo, lasai, kuatripartitoko hiru alderdik gidatzen duten lokomotorak bere gainetik pasatuko ote duen ez-axola. Udaltzainek esnarazi eta beste toki batera eramango duten, esperantza gutxi.