Karramarro Arraroa

Erabiltzailearen aurpegia Jon Alonso 2017ko mai. 25a, 13:03

Gaurkoa, argazki gogoangarri bat, urte amaieran gogoratzen den horietakoa. Efe agentziak zabaldu du eta Narciso Contreras argazkilariarena da. Berrian ikusi dut. Goian bost zenbakia beltzez markatua duen metalezko ate gris bat da, kartzela edo jendea itxita edukitzeko tokiren batekoa, antza denez, krisketa kanpotik duelako. Atearen erdian zulo txiki bat dauka, hau ere kanpotik irekitzen den leiho txiki bati dagokiona. Zuloa zabalik dago eta bertatik, karramarro arraro baten oskolatik gainez egingo luketen hankak balira bezala, lau esku beltz zabaltzen dira. Norantz zabaldu? Auskalo: askatasunerantz, bizi modu duin baterantz, edo heriotzarantz, atzo bertan Mediterraneoan ito ziren 34 pertsona horienak bezala. Argazkiak ilustratzen duen berriak dio Libiatik abiatzen direla gaur egun Mediterraneoa zeharkatu nahi duten gehienak, eta Libia, egun, infernu bat dela.
Mendebaldeak Gaddafi gure putakumea izateari utzi ziola erabaki zuenetik, gauzak okertu baino ez dira egin munduko alde hartan. Eta jendea Mediterraneoan itotzea, gaitz kroniko bihurtu ez ezik, arrisku kirol batekin hasi dira identifikatzen batzuk. Kontua da, den tragikoarekin ere, sintoma bat baino ez dela, eta sintoma sortzen duen gaixotasunaren aurkako neurririk, dakigunez behintzat, inork ez duela hartzen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!