Gaurko aukeratu dudan argazkia Garan argitaratu da; Kontuen Ganbarako lehendakaria Parlamentuko eskailerak igotzen ari da, bere kofiantzako pertsona bat lagun duela. Agerraldiaren gaia, honez gero denok dakiguna: Ultzamako biogas planta, non, diotenez, Patxi Perez alkateak, garai haietan Esparzaren eskuin eskua zenak, 3 milioi euroko iruzurra egin omen baitu.
Bandera eta patria direla kanalla eta doilorren azken babesgunea aspaldi esan zuen norbaitek. Badirudi Nafarroako bandera dela, hain zuzen, esaldi hori berresteko aukeratutako sinboloa. UAGNeko eta Ultzamako biogas plantako aferak, sekula osorik ezin irekiko den Arena, itzaleko diru-sariak eta beste hainbat iruzur agertzen direnean, horien guztien errudun izan direnek, kea eta lainoa zabaltzeko, manifestazio bat konbokatu digute, toki guztietan, behar den bezala, bestalde, ongi presente dagoen bandera gorriaren alde.
Zatituta eta elkarrekiko gatazkan nahi dituzte hiritarrak, horrek boterera itzultzea erraztuko dielakoan. Hau dena oso ezaguna zaigu, ez gaitu ustekabean harrapatzen. Ikusi egin behar, ordea, jendea noraino dagoen haiekin. Manifak balioko du, alde horretatik, Nafarroako jendarte itxura batean lasaiari termometroa jartzeko.