Abokatuarekin batera epaitegira doan emakume eder bat da gaurko argazkiaren protagonista. Sandra Barrenetxea da, ausardiaren eta adorearen irudia bera, torturatu zutenen juzioan parte hartzera doana. Telebistan entzun ahal izan genuen atzo, baita ere, haren lekukotasun lazgarria, ni behintzat goitik behera inarrosi ninduena. Peruarena Berriako kazetariak idatzi du gaur frogak ematea dela tortura juizioetako alderdirik zailena, eta atzo Sandra Barrenetxeak ezin konta ahala froga inmaterial eman zituela, eztarrian kraskatutako hitz bakoitzeko eta negar malko bakoitzean itotako hitz bakoitzeko, froga bat.
Alabaina, telebistako irudietan ikusi genuen, halaber, estatuaren abokatuak barre egiten zuela Sandrak bere lekukotasuna ematen zuen bitartean. Berriako beste kazetari batek, Gotzon Hermosillak, hori dela-eta, giza-kondizioa ulertzea batzuetan zaila dela idatzi du.
Zoritxarrez, eta nahiago nuke okertuko banintz, susmoa daukat barre horiek emango diotela karpetazoa kasu honi, eta dagoeneko zenbatu diren 5.000 gehiagori, estatu torturatzailearen eta haren enkubridore demokraten lasaitasunerako.