Zakilak eta baginak

Erabiltzailearen aurpegia Jon Alonso 2017ko mar. 2a, 12:13

Madrilen geldiarazi omen dute Iruñera bidean omen zetorren autobus gorria, atzo argazki batean ikusi genuena, eta “gorrotoaren autobusa” izena jarri diotena, ez gaitzatela engaina eskatzen duen hori, zakilak gizon eta baginak emakume egiten gaituela esaten duena.
Ez omen da horrela, ordea, ba omen daudelako bagina daukaten mutilak eta zakila daukaten neskak.
Gaurko beste argazki batean Joxe Azurmendi ageri da, atzo liburu bat aurkeztu zuelako hizkuntzaz, nazioaz eta estatuaz. Azurmendi euskarak euskaldun egiten gaituelakoan dago, baina atzo bertan beste batek esandakoa gogorarazi zioten: “euskarak ez nau euskaldun egiten, baginak emakume egiten ez nauen bezala”.
Gure sineste errotuenen aurkako esloganek badute errealitate ezkutuak ikusarazteko bertutea, ezin uka; baina baita erreakzio ikaragarriak ernatzeko ahalmena ere.
Beharbada sexu biologikoak ez du gure generoa determinatzen, ezta gure hizkuntzak gure identitatea ere. Baina orduan, agian komeniko litzateke jakitea zerk egiten gaituen zer, Ruper Ordorikak kantatzen duen bezala, pertsonak behar duelako zalantza, bai, baina heldulekuren bat ere behar duelako, eta ez zalantza soilik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!