Atzo Garak argitaratu zuen, azalean, garai hauek falta zuten argazkietako bat. Bankari lapurrak, politikari txorizoak eta unibertsitateetako errektore plagiatzaileen ondoan, atzokoa ere antologikoa da: purutasuna sinbolizatzen duen zuri koloreko estola eta tunika jantzita daramatzan Juan Kruz Mendizabal, duela urtebete arte Gipuzkoako bikario nagusia izandakoa, kamara dagoen alderantz begira, iheskor, soraio edo harro, auskalo, Kristo gurutziltzatu lauso bat atzean duela. Adin txikiko umeei sexu-abusuak egin zizkien, berak aitortua, eta hori dela-eta Elizako hierarkiak zigortu du.
Sinestuna ez naizen arren, behingoagatik kasu egingo diet Ebanjelioaren irakaspenei, eta badaezpada ez dut lehen harria botako. Kontua ez da, ordea, lehen harria botatzea, are gutxiago harria bota eta eskua ezkutatzea, ipurtzulo agerian eta babesik gabe daukan azken tximua ez izatea baizik.