Baztango alkatea izan zen eta Aroztegia proiektua pelotazo urbanistiko bat dela esateagatik epailearen aurrean deklaratzera eraman dute. Atzo zegoen Berriako argazki batean, eta beste hainbat baztandar zeuden atzean, beren pankartarekin. Hauxe esan du: "UPN, PSN, PP eta Geroa Bai libre dira kapitalaren interesen esanetara jartzeko, baina gu ere libre gara herritarren eskubideak defenditzeko".
Ikusle soila denarentzat ere, bereziki ulergaitza eta mingarria da baieztatzea krisira, krisi honetara, alegia, den-denok madarikatzen dugun krisi honetara, ez beste batera, ekarri gaituen eredua errepikatzeko batzuek duten enpeinua eta gogoa.
Azken bolada honetan askotan entzuten den esaldi batek dioenez, “Emaitza desberdinak nahi badituzu, ez egin beti gauza bera”. Esaldia Einstenena omen da, eta denok gaude konforme, noski; baina askori ahaztu egiten zaio billete bat usaindu orduko.