Politika zaharraren argazkiak

Erabiltzailearen aurpegia Jon Alonso 2016ko mai. 11a, 13:17

Politika zaharraren argazkiak ugari dira egunotan: Arraiz ukabila goian, epaiketaren zain, pankarta atzean zeudenak agurtuz; Sagrario Aleman kazetariekin mintzo atzean batzuek pankartari eusten diotela. Are, politika berriaren aire bat zeukatenak ere kutsatuta daude. Iglesias eta Garzón ukabila goian dutela eta elkarrekin; itxuraz berria, bai. Ordea, Podemosekin ere erabakiak Madrilen hartzen dira, beti bezala. Eta Iglesiasek, hilabete gutxi batzuk baino ez, esaten zuen IUkoak “zenizo politiko batzuk” zirela. Betiko politika zaharra, beraz, zentralista, goitik beherakoa eta diskurtsoak koiunturaren arabera moldatzen dituena. Berdin Urkullu eta Barkos ageri dituzten argazkiak; politika berria dirudi, baina laster dator beste argazki bat, Urkullu eta gure presidentearen argazkiaren ustezko berritasuna zalantzan jartzera. Argazki horretan Aroztegiako proiektuaren aurkariak ageri dira, Ayerdi eta autoritateei begira; eta hauek bizkarra ematen diete, Lekaroz herria, denen atzean, lekuko mutua dela. Politika zaharra, Urkulluren eta Barkosen arteko bosteko emate itxuraz berriak zilegitzen eta zigiluz ixten duena. Gorputz oraindik sanoa erabat usteltzen ahal duen zauri zornetua.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!