Berriak atzo, edizio digitalean, abenduan senaturako hautagaitza osatu zuten Bernal, Lujan eta Zamoraren argazki bat eskaini zigun. Badirudi Geroa Bai prest legokeela, orain, hauteskundeak errepikatuko balira, aldakaten aldeko indarren arteko hautagaitza bateratu batean parte hartzeko.
Oso esanguratsua da, Gero Bai izan zelako, abenduko hauteskundeetan, hautagaitza bateratuaren aukera baztertu zuen lehena, “politikan bi gehi bi ez direla beti lau” argudioarekin. Orain, beste aritmetika batzuk lagun, nonbait, prest daude, “gauzak aldatu direlako abendutik”. Jakina, gauzak aldatu dira. Orduan ez zuten uste 30.000 boto baino ez zituztela aterako. Honela, politikaren alde itsusietako bat, autokritika falta erabatekoa, alegia, erakutsi digute.
Hauteskundeak errepikatuko ote diren, oraindik ez dakiguna da. Hala balitz, pozik hartuko genuke hautagaitza bateratua, hain pozik, ze prest baikinateke abenduan erakutsi ziguten politikaren beste alde itsusietako bat, sektakeria eta eskuzabaltasun falta, alegia, ahazteko.