Zumarragan Arcelorrek 300 eta piko langileren lanpostua kolokan jarri duela jakin dugu. Berehala etorri zaizkigu burura hemengo adibide batzuk: Koxka, Faurecia, TWR... eta etorriko direnak.
Garak ilustratzen du berria Zumarragako altzairu-olaren barne aldeko argazki batekin. Berezko kaos eta anabasa giroa oso egokia da Euskal Herrian gertatzen ari den industriaren eraisketa-prozesua ikusarazteko.
Kasu onetan, deigarriena da multinazionalak produkzioa Euskal Herritik eramateko atera dituen arrazoiak: Estatuko elektrizitatearen prezioa eta txatarra eta beste lehengai batzuk inportatu beharra. Alegia, hemengo langileen gehiegizko kostua lehen mailako arrazoi moduan jartzen zen garaiak iragan dira, gu guztioi argi erakusteko zenbat balio izan duen gerrikoa estutzeak.