Joan den osteguneko Garak, OPUSen langileen osasuna zaintzeko hitzarmenaren eskandaluaren harira, zeharka bada ere, Nafarroako politika linguistikoaren gorabeherak ulertzeko klabea den argazki oso interesgarri bat argitaratu zuen. Argazkia, Iñigo Urizena. Klinika unibertsitarioaren fatxadaren plano orokor bat da, izena nabarmen ikusten dela: CLINICA UNIVERSIDAD DE NAVARRA; fatxadaren aurrean dagoen kartel handi batek, ordea, galarazten du fatxada bere osotasunean ikustea. GRACIAS POR VISITAR EL CAMPUS DE LA UNIVERSIDAD DE NAVARRA, aldarrikatzen du txartelak, eta azpian, letra tipo eta tamaina berdinarekin, THANK YOU FOR VISITING THE UNIVERSITY OF NAVARRA CAMPUS. Argi dago nortzuk diren ingelesa bigarren hizkuntza ofiziala tratatzeko interesa dutenak.