Hauteskundeen aritmetika (II)

Erabiltzailearen aurpegia Jon Alonso 2015ko abe. 23a, 12:53

Gaurkorako argazki egokia litzateke, balego, igandekoaz geroztik askori geratu zaigun tonto aurpegia erakutsiko lukeena. Aitortuko dut zuetako gazteenek ezagutuko ez duzuen 37-33 hartatik (“Estatutu honekin Nafarroa Euskadin. 37-33”, horixe zen aritmetika hura azaltzen zuen esaldi osoa), bada ordutik, hauteskundeen aritmetika gezurtia ez ezik, kiniela bezain zaila iruditu zaidala beti. Lehenik eta behi, oraindik ez naizelako gauza ulertzeko liderrak fabrikatzeko mekanismoak nolakoak diren, are gutxiago lidergo baten eremuaren mugak non kokatu behar diren. Gainera entzun dut botoa orain likidoa, baina zer diot nik likido, gaseosoa dela. Oraingoan ere abisatu ziguten, lehen 37-33 abisatu ziguten bezala, politikan 2 gehi 2 ez direla lau, eta beharrezkoa zela Nafarroaren aniztasun proberbiala ongi islatua geratzea; eta zinez ongi islatua geratu da, alafede, euskaldunak, abertzaleak, baskoak eta baskistak, denak, kongresutik kanpo direla. Politikan 2 gehi 2 izan daitezke 8, 5 edo 2 eta erdi, hori probatu artean ez dakigu. Igandetik dakiguna da, ordea, bat ken bat zero dela. Beti eta salbuespenik gabe.
Klabeak klabe eta paradigmak paradigma, zero merezi dugu, eta zero daukagu.
Urte berri on!

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!