Probokazioak, artean, beti eduki izan du gure hipokrisia, gure kontraesanak eta gure gabeziak azalerazteko funtzioa, besteak beste. Horrela, Azkonak Pederastia hitza ostia pilo batez idatzi, atzoko argazki batean ikusi genuen bezala, eta batzuek gogoraraziko digute Charlie Hebdorena gertatu zenean adierazpen askatasunaren alde atera ziren eta orain sinestunen errespetuaren alde mintzo direnen hipokrisia, eta kontraesana, eta tolerantzia eza; beste batzuek, bitartean, salaketak jarri eta jantziak urratuko dituzte erlijoaren aurkako erasotzat jotzen dutenaren aurka, eta argudioak eta kontrargudioak korapilatuko dira, alde batetik eta bestetik, hasierako asaldua pasatuta, denok asper-asper eginda utzi arte, deja-vu sentsazioarekin.
Probokazioak, artean, gizartearen gehiegizko baretasuna astintzeko funtzioa ere badauka. Ez dakit nik, gizarteari gaur zer komeni zaion, astinaldia, ala krispazioa baretzeko ukendua.