Zalantzarik gabe, Noticiasek dakar gaurko argazkia. Tira, dena esatera, gaur dakar, baina kasik egunero ekartzen du, hauteskundeak baino dezente lehenagotik, duela urte batzuetatik hona, egia esan. Liderra da, argazkiaren hondoan garai berriaren sinboloa izatera deituak diren kolore fuksia eta pistatxoa dituela. Eta ongi etorriak izan daitezela, aukeran genituen gorri eta urdinaren ordez. Baina esan behar da, zenbakiek eman zutenetik hirurogei ta hamabi ordu baizik igaro ez diren honetan, batzuoi belarrien atzean elefanteak bezalako euliak hazten hasi zaizkigula, PSNri behin eta berriz eskua luzatze horrekin. Erregimenaren zutabe sendo izandakoa, aldaketaren zutabe? Hori auzoko erkidegoko alderdi nagusiaren estrategiari ongi datorkio, baina ez probintzia honetan, botoa eskuan, aldaketa eskatu dugun ehun mila lagunoi.