Mikel Marin, Iker Aristu, Diego Octavio, Iker Araguas, Ibai Azkona, Oihan Ataun, Mikel Beunza, Iñaki Marin, Gorka Sueskun eta Mikel Flamarique dira. Orain zortzi urte atxilotu zituzten, Segikoak izatea leporatuta. Tratu txarrak salatu zituzten. Orain Madrilen epaitzen ari dira.
Berria digitaleko atzoko argazkian bizkarrez ageri dira, bi lerrotan; bigarren lerrokoek kamiseta laranjak dituzte. Argazkiari arreta handiz begiratuz gero, bat konturatzen da kamisetok halako pegatina txiki bezalako gauza bat daukatela, goian, lepoaren inguruan.
Etiketak omen dira; kamiseta kentzeko edo atzekoz aurrera jartzeko agindu zitzaielako ikusten dira, epaileak ezin omen zuelako onartu idatzita zekarten eslogana, edo eslogana idazteko erabilitako hizkuntza, edo biak.
Etiketok ikusizko metafora anker baina zehatz bat osatzen dute: torturatuta, sailkatuta eta epaituta daude, ezer hasi baino lehen.